XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Minutuko 100 birako abiaduraz, Meteosatak Lurraren etengabeko miaketa egiten du.

Jasotako informazioa Eumetsat operazioen zentrora bidaltzen du.

Sateliteak hiru alderdi ditu aztergai: telebistako mapei esker ezagunena, argazki bidez hodeien aldaketa adierazten duena da.

Izpi infragorrien bitartez, sateliteak hodeiek eta lur-azalak botatzen duen beroa ere aztertzen du.

Azkenik, aireak daukan ur-lurrun kantitatea aztertu eta atmosferaren osaketa erakusten du irudietan; honi esker klimaren aurreikuspena egin daiteke hodeiak eratu baino lehen ere.

Ariadne Europako satelite jaurtikitzaile ezaguna izan da Meteosatak ekuatore gainera, 36 000 km-ra garraiatzeko ardura izan duena.

Satelitea orbita zirkular batean mugitzen da 24 ordutan Lurraren abiadura berean; beraz, lurrarekiko leku berean kokaturik dago da uneoro.

Meteosatak, gainera, komunikazio-satelite lana ere egiten du. Informazio meteorologikoa (eguraldiaren mapa, adibidez) interpretatu eta operazio-zentrotik igortzen da, satelite bidez, meteorologia-bulegoetaraino; azkenean, munduko leku guztietako erabiltzaileek jaso ahal izango dute informazio hori.

Meteosatak garrantzi handia du egunero denbora errealean jakinarazten baitigu meteorologi informazioa.

Azken hamarkada honetan meteorologi aurreikuspenetan gauzatutako hobekuntza gehienak satelite horrek bidalitako irudiei zor zaizkie.

Urte askotan zehar zientzialari eta meteorologoak zeruko fenomeno nagusiak aztertzen aritu izan dira; hala nola, haizeak edo tropikoen arteko konbergentzi guneak.

Gaur egun, satelitearen irudi biziei esker, urte osoko klima ezagut dezakegu munduko mapa baten gainean adierazita; horrek berebiziko garrantzia dauka atmosfera zikloak ezagutu ahal izateko.

Era berean, aurretiaz ezagut daiteke Europa gainean egongo den antizikloi bat nahiz Karibean sor daitekeen hurakan baten eragina zein izango den.

Meteosat VIIa, belaunaldiko azkena, 1997ko irailean bidali zuten espaziora, atmosfera-sateliteen leinuaren hogei urteko arrakastari amaiera emanez.

Hurrengo Meteosat belaunaldia espaziora jaurtikia izango denean, lehen begiratu batean gauza bera dela iruditu arren, satelite berriek oraingoek baino ehun aldiz gaitasun handiagoa izango dute informazioa analizatzeko.

Milurteko berriari ongi etorria egiteko, datorren belaunaldiko lehen Meteosata 2000. urtean jaurtiko dute.

MSG1 izena eman diote eta askoz ere erradiometro sofistikatuagoa izango du.

Praktikotasunari dagokionez, bereizmen handiagoko irudiak bidali ahal izango ditu maizago, eta azkarrago egingo du jaso eta bidaltze lana.

Batzuetan hala ez badirudi ere, meteorologi aurreikuspenek %80ko fidagarritasuna dute.

Datorren menderako, sateliteen ekarpenei esker hobeto ezagutu ahal izango dugu atmosfera eta bertako fenomenoak.

Ez dugu ahaztu behar XXI. mendeko eguraldiaren aurrikuspenean izango dugun fidagarritasun eta azkartasunaren areagotzea orain dela hogei urte jaurtitako lehen Meteosat haren arrakastaren ondorio izango dela.

Sateliteek igorritako seinaleak jasotzen dituen parabola-antena.

San Francisco. Sateliteak jasotako hiru dimentsiotako irudia.